Curryak, noodleak, tortilla betea, barazki bilkariak… Thailandiako sukaldaritzako plater hauek dastatu daitezke, besteak-beste, Tolosako Photokafe tabernan ostegun, ostiral eta larunbata gauetan.
Duela bizpahiru urte, Tolosako taberna batean plater thailandiarrak prestatzen zituztela entzun nuenean berehala piztu zitzaidan probatzeko gogoa (nola ez! 😉 ).
Beraz, informazio pixka bat bilatu eta non zegoen jakin ostean, erreserba egin eta afaltzera joan ginen. Orduko hartan curry berdea eta gorria frogatu genituen. Ez zen etxean egiten ez dugun ezer, baina gustura geratu ginen. Egia esan, sukaldaria bera thailandiarra izanik, antzeko currya prestatzen dugula ikusteak poztu ninduen. Gainera Noticias de Gipuzkoan egin zioten elkarrizketa batean, sukalderako osagaiak Angeluko France Asian erosten zituela esan zuen sukaldariak.
Duela hilabete batzuk, berriz bueltatu ginen, platerak gogoratu eta argazkiren bat atera ahal izateko (Photokafeko afari thailandiarrei buruz idatzi nahi nuen, baina ez nuen argazkirik… Gainera edozein aitzakia da ona afaritxo bat egiteko 😉 ).
Aurrekoan bezala, biribilkiak eskatu genituen hasteko. Eta ondoren, bakoitzak plater bana: nik, haragia barazkiekin eta thai saltsarekin eta Goiok noodle edo fideoak.
Nire platera berea baino gehiago gustatu zitzaidan. Saltsa oso ona zegoen eta arroza ere oso gustura jaten dut (dugu) haragi, arrain eta barazkien lagungarri gisa (berriki, arroza egosteko eltze elektriko bat erosi dugu, egin kontu…).
Postretarako izozkiz lagundutako ogi-torrada eskatu zuen Goiok. Oso ona, baina Thailandiako postreren bat probatu ahal izatea bota genuen faltan. Ohiz kanpoko postre gisa, fruitu exotikoz lagundutako jogurt zopa bat dago kartan, baina joan ginenean ez zegoen.
Zergatik “photo”?
Lehen aldiz informazio bila hasi nintzenean jakin nuenez, argazkilari batek ireki zuen Photokafe taberna. Itxuraz, gaur egungo lan mota kontuan hartuta (ezkontza eta abarretako argazkiak atera eta ondorengo edizio lana) ez zion zentzu askorik ikusten kalean denda bat mantentzeari. Hala, taberna bat jarri eta argazkilaritza enkarguak bertan hartzea pentsatu zuen.
Tolosako Euskal Herria plazan dago Photokafe. Asteburuetako afari thailandiarrez gain, kafetegi gisa, infusioak, irabiaki naturalak eta abar ematen dituzte. Horretaz gain, duela zenbait hilabete, ondoko beste lokal bat hartu zuten. Bertan ardoak, pintxoak eta bestelako afariak ematen dituzte (plater konbinatuak…).
Jo, itzura ezin hobea dauka.
Eta hemen hiriburuan, na de na…gauza “arraro” gutxi…ajajaj
Apuntatuko det
Ba niri Gasteiz izugarri gustatzen zait, eta gastronomikoki Donostia baino hobe 😉
Tolosan ikaragarri leku interesgarri piloa daudela iruditzen zait eta guk ez dugu ia ezer ezagutzen. Datorrengo kedada Tolosan mesedez!
Nahi dezutenean! 😉
Egia da lan dexente egiten ari direla Tolosan. Mekatarien elkartea, adibidez, dexente mugitzen da. Duela urte batzuk, lokal huts dexente zeuden eta negozio berrientzako lehiaketa moduko bat egin zuten. Hortik atera ziren garia eta abar.
Hmmm! Nik ere probatu nahi dut!