Martinelli, Italiako pasta Nafarroan

Martinelli pasta ekologikoa¿Italiar tradizioari jarraiki Beriainen (Iruñerria) egindako pasta ekologikoa? Hori da, hain zuzen, Massi Martinellik egiten duena. Eta ederki egin ere. Gaur izan dugu probatzeko aukera eta ezin gusturago jan dugu.

Osoko pasta itxura du eta badirudi denbora luzea beharko duela egosten, baina 4 minutuan prest dago (berez, osoko pasta ere badute eta 7 minutu behar ditu). Zapore ona eta oso testura atsegina ditu. 

Nire izeba Cristinak oparitu zizkigun bi zorro (fusilliak eta eta osoko conchiglieak). Izan ere, duela hilabete batzuk, Ekomerrek antolatutako ikastaro batean egon zen, pasta egiten ikasten; eta bertan ezagutu zuen Martinelli pasta, Massi izan baitzuen irakasle.

Osagaiak: gari gogorreko semola (ekozpien ekologikokoa) eta uraEuren webgunean azaltzen dutenez, duela urte batzuk produktu ekologikoak kontsumitzen hasi ziren Martinellitarrak, eta gero beraiek ere bertako produktu ekologiko eta jasangarriak sortzeko erabakia hartu zuten.

Gaur eguerdian fusilliak jan ditugu, aurrekoan Tolosan erositako albakaz egindako “sasipesto” saltsarekin (ez da benetako pestoa, irabiagailu elektrikoarekin egiteaz gain, pinazien ordez almendrak erabiltzen ditudalako).

Egia esan, ez nuen uste ohiko pastarekiko aldea nabarituko nuenik, baina nabari da, bai.

Fusilliak egosi berri

Pasta sasi-pesto saltsarekin

Bitxikeria bat…

Duela urte batzuk, Goio eta biok Toscanan izan ginen oporretan. Azken egunean, Florentziako aireportuan, andre italiar bat gerturatu zitzaigun, Madrilera ote gindoazen galdetuz eta aireportuetan ibiltzeko laguntza eskatuz, bakarrik zihoan lehen aldia baitzen.

Aireportuan zain ginela, Iruñean bizi zen semea bisitatzera zihoala kontatu zigun, eta bi neskatoren amona zela (izen euskaldunekoak biak). Honetaz eta hartaz hizketan pasa genuen denbora. Madrilera iritsitakoan, han zegoen semea, italiarra baino betiko iruindarra ematen zuena. Euskaraz agurtu genuen eta berak ere hala erantzun.

Urteak pasata, aurtengo udaberrian, izebak pasta ikastaroa egin zuen eta irakaslea Iruñean bizi zen italiar bat zela esan zigun. Hori entzunda, noski, Italiako pasarte hau gogoratu eta kontatu egin genion.  Eta berak esan Martinelli (irakaslea) ere euskalduna zela. Gainera, Pisatik gertu dagoen herri batetik etorritakoa da, aireportuan ezagutu genuen emakume italiar hura bezala.

Ezin dut ziur jakin Martinelli eta Toscanatik bueltan ezagutu genuen emakume haren semea pertsona bera ote diren. Baina argi daukat bere pasta jaten dudan bakoitzean bidaia hura gogoratuko dudala.  Eta horrek, pasta bikaina izateaz gain, balio erantsia emango dio platerari.

 

One thought on “Martinelli, Italiako pasta Nafarroan

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.