Café Roch, frijituen paradisua Iruñean

Piperrak eta bestelako frijituak

Piperrak eta bestelako frijituak. Argazkigilea: Goio

Iruñeara goazenean bada ahal dugun guztietan bisitatzen dugun txoko bat: Comedias kaleko Café Roch. Bertan zurito eta frijitu bat hartzea erritu bihurtu dugu ia (normalean frijiturik ez jaten saiatzen gara, baina hauei ez dago uko egiterik!!!). Piperra da ezagunena eta horixe hartu (eta gozatu!) ohi dugu, baina beste hamaika aukera dituzte: roquefort gazta, ganba, onddoa, bakailaoa, espinaka…

Aurrekoan esaterako, muskuilua frogatu genuen:

Muskuilu frijitua

Muskuilu frijitua

Oskolik gabeko muskuilu frijitua zen, goitik behera jan eta platerean deus ez uztekoa! Muskuilu zatiak bere neurrian nabari ziren eta ukitu berezi bat zuten.

Frijituak baino gehiago

Sona handia dute Cafe Rocheko frijituek eta merezita dutela esango nuke. Kanpotik kurruskari, barrutik krematsu… Eta neurri polittekoak! Formula sekretua 70eko hamarkadatik omen dator.

Hala ere, Iruñeko txoko honen erakargarritasuna ez dago jan kontuetan bakarrik: 1898an sortu zeneko xarma mantentzen du.

Ispilu eta kartel zaharrak

Roch-en aukeran dauden frijituetako batzuk iragartzen dituen xafla

Marmolezko barra eta mahaiak, edarien publizitatea duten ispiluak, pintxo aukera iragartzen duten metalezko xaflak, tabernaren kanpoko aldea irudikatzen duen koadro edo beiratea… Giro berezia sortzen duten hamaika xehetasun ditu Iruñeko Alde Zaharreko txoko honek.

Kafé historikoa

Beste kafe klasiko asko bezala, hamaika solasaldiren lekuko izan da Café Roch. Iruñeko artista eta intelektualak ez ezik, Heminway ere ibili zen bertan.

Jatorriz kataluniarra zen baina Lesakan ezkondu zen Eugenio Rochek sortu zuen, eta hasiera batean kafea eta rona bakarrik zerbitzatzen zituzten. Ondoren, bere seme-alabetako lauk hartu zuten lekukoa; bigarren belaunaldi honen garaian jaio ziren, hain zuzen, piper famatuak. 1984an Iruñeko hiru gaztek hartu zuten.

Urteak-urte eta aldaketak-aldaketa, oraindik ere xarma berezia mantentzen du. Eta urte askotarako izan dadila!

Café Roch

Roch-en kanpoko aldera. Argazkigilea: Goio

 Roch-i buruz gehiago jakiteko

Ondoko bideoan (17:17 minututik aurrera) Asisko eta Mikel Urmeneta anaiak azaltzen dira Rochen, duela urte batzuk ETB2n ematen zuten pintxoei buruzko saio baten harira:

Hala ere, Café Roch ezagutzeko onena bertara joatea da 😉 Hori bai, kontuan hartu normalean ez dagoela bideoan bezain hutsik. Guk lepo topatu izan dugu beti!

 

 

4 thoughts on “Café Roch, frijituen paradisua Iruñean

  1. Apuntado…apuntado
    Ea Aste santuan halako eskapada gastronomikoa egiterik dudan. Gasteizea etorri eskero…abizau!

    • Orreaga says:

      Handik pasatuz gero, kontatuko diguzu! 🙂
      Egun hauetan ez det uste, baina aurreraxeago Arabara eskapadatxo bat egin nahi genuke. Akaso egun horietako batea Gasteiz ere bisitatzeko aprobetxatuko dugu 😉

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.