Ibarra entzun eta piparra izaten da askori burura datorkigun lehen hitza. Piparra da Tolosaldeko herri honetako produkturik ezagunena, eta herriaren izena zabaldu duena. Hala izanik, urtero azoka berezi bat eskaintzen diote iraila partean. Aurtengoa, hamabosgarrena, igande honetan izango da, hilak 21.
Piparra protagonista nagusia den arren, bestelakorik ere izaten da Ibarrako azoka berezi honetan: baserriko produktuak, lehiaketa gastronomikoa, artisauak, kalejira… Finean, jai giro polita.
Eta, nola ez, tripa betetzeko aukera. Herri bazkaria ez ezik, taloak, pintxoren bat edo beste, eta eguneko izarra (eta nire biziotxo aitorgarrietako bat): piparrak.
Aurten seguruenik kale egingo dugu Goiok eta biok, baina azken bizpairu urteetan han ibili gara, eta datozen urteetan ere bueltatuko gara.
Asteburu honetan Tolosaldetik gertu bazabiltza, biharko goiza pasatzeko plan polita izan daiteke biharko piparraren azoka.
Aurkezpena eta kanta
Egitarauari buruzko zehaztasun gehiago, 28. kanalean, aurtengo aurkezpenaren bideo honetan:
Eta Tolosaldeko atarian, aurkezpenean aipatzen duten kanta berria. 😉