Asia zatitxo bat Angelun

Asiar produktuak etxeanGurean asko atsegin dugu asiar sukaldaritza. Tira, “asiar sukaldaritza” askotxo esatea da, horren herrialde anitz eta zabala izanik. Baina probatu izan ditugun plater indiar, tailandiar, japoniar eta abarrak asko gustatu izan zaizkigu. Horregatik, Angelun dagoen “France Asia” denda aurkikuntza ederra izan zen guretzat.

Supermerkatu txiki bat da (edo zen, berriki handitu baitute) eta era guztietako produktuak saltzen dituzte: pastak, saltsak, arrozak, algak, perretxikoak, zopak, hamaika espezia mota, zizkamizka izoztuak (bi kamera handi), barazkiak, edariak… Baita arropa, wok, katilu eta beste hamaika tramankulu ere.

Asiar produktuen supermerkatua

Shakea

Etxerako ez ezik, jatetxeentzako produktuak ere saltzen dituzte: arroz poltsa erraldoiak eta abar. Tolosako Photokafen afari tailandiarrak emateko, adibidez, bertatik ekartzen dituzte produktuak.

Janari prestatua eta ikastaroak

Janari prestatua ere saltzen dute eta, nahi izanez gero, bertan berotzen dute.

Eramateko asiar platerak

Dendatik kanpo ere “vending” makina pare bat dituzte asiar platerak saltzeko: pasta eta arroz platerak, nem eta bestelako biribilkiak, haragiak saltsan… Gauez, plater guztiak xentimo batzuk garestitzen dira.

Vending makina

Lehen aldiz ezagutu genuenean, nahiko denda iluna zen France Asia, baina azken aldian, denda handitu eta berritu dute. Ikusi ahal izan dugunez, sukaldaritza ikastaroak ere antolatzen dituzte.

Duela hilabete batzuk kalera ere atera ziren (ez dakit Angelun bakarrik edo inguruko herrietara joaten diren) furgoneta batekin, “Xin Chào. Street food by France Asia” markapean.

Bestelako “bitxikeriak”

Asiako herrialde desberdinetako produktu guzti horien ondoan, Espainia eta Mexikotik ekarritako produktu “exotikoak” ere saltzen dituzte.

Mexikoko txokoa

Baita bertako batzuk ere: Itsasuko eztia, Ekia “laiterie arisanal du Pays Basque” jogurtak…

Curry berdea

Saltzen dituzten gauzen artean oso gustuko dugun bat Curry pastak dira. Asteburu honetan hipermerkatu bateko “nazioarteko zonaldean” ere ikusi dugu curry pasta, baina Angeluko supermerkatu berezitu honetan aukera zabalagoa dago eta merkeago (0,75 € ordaindu genituen lehengoan poltsatxo bakoitzeko, eta hipermerkatuan 2 eurotan ikusi genuen).

Ezin gusturago jaten dugu currya. Larunbatean, adibidez, curry berdea prestatu zuen Goiok.Curry berdeaKalabazin, tipula, piper gorri, berde eta oilasko bularki zatiak wok edo zartagi handi batean egin; curry pasta eta koko esnea gehitu (ni ez naiz koko-zaleegia eta batzuetan esne baporatua erabiltzen dugu haren ordez); amaieran, martorri hosto batzuk gehitu, eta tailandiar arrozarekin batera zerbitzatu. Nahiko mina geratzen da, egia esan, baina guk horixe atsegin dugu 😉

3 thoughts on “Asia zatitxo bat Angelun

  1. Dexentetan izan dut denda honen berri eta ez gara sekula gerturatu. Beti dago egiteko dauzkagun gauzen zerrendan. Ea noizpait gerturatzea lortzen dugun.
    Irakurtzen nindoala, asiar sukaltdaritzaren inguruko tailertxo bat ere egin behar dugula bururatu zait. Pilatzen doaz. Akaso hilabetero bat egiteko plana moldatu beharko dugu 😉

    • Orreaga says:

      Animatu eta kontatu! Gainera, gu baino gertuago zaudete 😉
      Eta bai, tailerrak egiten hasi beharko degu ^_^ Nik asteburu hauetako batean zure ogitxoak egingo ditut, niri ere errezeta erraz eta onak gustatzen zaizkit!!!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.